Matematika irakasle bi.
Andereak eta gizonak ez dute egundo elkar ikusi. Batak A hirian bizi eta hango eskolan lan egiten du, eta besteak B hirian, bertako eskolan klasea emanez. Bata bestearengandik oso hurrin bizi dira, eta hala ere sarritan amets berdinak egiten dituzte.
Iragan gauean amodio grinatsu eta ezinezko bat amets egin zuten eta, goizaldean, ia aldi berean esnatu egin ziren, amets arraroa etenda, samindurik.
Gaur, goizeko hamarretan, lerro paraleloei buruzko klasea ematen ari dira. Eta zergatik jakin gabe, tristatu egiten dira, elkarrengandik hurrin, ia une berean, arbelean klarion zuriaz bi lerroak marraztean, lerro paraleloak ez direla inoiz batuko gogo ilunez erakustean.
Joseba Sarrionandiaren Han izanik hona naiz liburutik hartutako testua