Waine Wang zinema-zuzendariak, Paul Austerren Auggie Wrenen Gabonetako ipuinaz liluratuta, idazlea konbentzitu egin zuen filmaren gidoia idatz zezan. Emaitza, Smoke: liburu bat eta film bat, biak zoragarriak.
Liburuaren hasieran, Zelan egin zen Smoke atalean, Annette Insdorfek(1) galdetzen dio Paul Austerri filmaren tituluaz:
AI: Gustatzen zait filmaren titulua, Smoke. Lilura handia du, eta oso iradokitzailea da. Nahi zenuke zerbait komentatu?
PA: "Kea" hitzaz? Esango nuke gauza asko direla batera. Tabako-dendari dagokio, jakina, baina baita zelan keak ilundu ditzakeen gauzak eta ulertezinak bihurtu ere adierazten du. Kea ez dago inoiz finko, etengabe aldatzen ari da. Modu berean aldatzen dira filmetako pertsonaiak, haien bizitzak gurutzatzen direnean. Ke-seinaleak... Ke-errezelak... Kea gorantz aireratzen. Gutxi edo asko, pertsonaia bakoitza aldatu egiten da etengabe, inguruko pertsonaien eraginez.
(1)A. Insdorf Zinema Departamentuko katedraduna Columbiako Unibertsitateko Arte Eskolan
Hemen ipini dut Smoke filmaren gidoi zati bat. Bertan Auggiek bere argazki-obraren berri ematen dio Paul idazleari.
Testu guztia gaztelaniatik euskaratu dut.
Paul
(Baieztatuz) Hortaz, fotografoa...
Auggie
Tira, puztu barik. Fotografiak egiten ditut. Bisorean nahi duzuna enkoadratzen duzu, eta obturadorea sakatzen duzu. Besterik ez.
Paul
Egunen batean ikusi nahi nituzke zure fotoak.
...
10. Barruan. Gauez. Auggieren apartamentuan
Auggie eta Paul sukaldeko mahaian jezarrita daude. Albo batera utzita, janari txinatarraren kutxa batzuk daude zabalik. Mahaiaren azalera gehiena argazki-album beltz eta handiz beteta dago. Guztira hamalau daude, eta guztiek bizkarrean etiketa bana dute, urte banarekin, 1977tik 1990era bitartean. Album horietako bat (1987) zabalik dago Paulen altzoan.
Albumaren orrialdeetako baten lehen planoa. Orrialdean zuri-beltzean egindako sei argazki daude, denak eszena berdin-berdinekoak: 3. kalearen eta Zazpigarren Etorbidearen arteko izkina, goizeko zortzietan.
... Paulen eskuak orrialdea pasatzen du: elkarren antzeko sei argazki ikusten ditugu. Beste orrialde bat pasatzen du: gauza bera. Beste bat: gauza bera.
Paul
(Txundituta) Berdinak dira denak.
Paul eta Auggie |
Auggie
(Harrotasunez irribartsu) Bai, hala da. Lau mila argazkitik gora, denak leku berekoak. 3. kalearen eta Zazpigarren Etorbidearen arteko izkina, goizeko zortzietan. Lau mila egun, bata bestearen atzetik, dagoen eguraldia dagoela. (Etena) Horregatik ezin dut inoiz oporrik hartu. Goizero, nire lekuan egon behar dut. Goizero, leku berean, ordu berean.
Paul
(Zer esan ez dakiela. Orrialde bat pasatzen du, gero beste bat) Inoiz ez dut ikusi honelakorik.
Auggie
Nire proiektua da. Nire bizitzako obra esan genezakeena.
Paul
(Albuma uzten du, eta beste bat hartzen du. Orrialdeak bizkor pasatzen ditu, eta beti gauza bera. Harrituta, burua astintzen du) Harrigarria. (Adeitsua izan nahian) Hala ere, ez nago seguru ulertzen ote dudan. Esan nahi dut, zelan bururatu zitzaizun zera...proiektu hau egitea?
Auggie
Ez dakit. Bururatu egin zitzaidan, beste barik. Azken baten, nire izkina da. Munduko zati txiki bat baino ez, baina han ere gauzak gertatzen dira, beste edonon bezala. Nire leku txikiaren dokumentua da.
Paul
(Albuma bizkor gainbegiratzen, burua astintzen) Izugarria da, benetan.
Auggie
(Oraindik irribartsu) Ez duzu ulertuko inoiz, astiroago ez bazoaz, lagun.
Paul
Zer esan nahi duzu?
Auggie
Esan nahi dut arinegi zoazela. Ia-ia ez diezu begiratzen argazkiei.
Paul
Baina, den-denak berdinak dira-eta.
Auggie
Denak berdinak dira, baina bakoitza besteetatik desberdina. Goiz argitsuak dituzu eta goiz ospelak. Uda-argia duzu eta udazken-argia ere bai . Lanegunak eta asteburuak dituzu. Baduzu berokia eta bota iragazgaitzak janzten dituen jendea, baita praka laburrak eta elastikoa janzten dituena ere. Batzuetan, pertsona berberak dira, beste batzuetan, diferenteak. Eta beste batzuetan, pertsona diferenteak berberak bihurtzen dira, eta berberak desagertu egiten dira. Lurrak bira egiten du eguzkiaren inguruan, eta egunero, eguzkiaren argiak lurrean argitzen du angelu diferente batean.
Paul
(Bista albumetik altxatzen Auggieri begiratzeko) Astiroago joan, ezta?
Auggie
Bai, hori gomendatzen dizut. Badakizu zer gertatzen den. Bihar, eta bihar, eta bihar, denbora, astiro-astiro, badoa.
...
19. Kanpoan: Egunez. Brooklyneko Zigarro Konpainia, kalearen bestaldetik ikusita
Goizeko zortziak. Auggie ikusten dugu izkinan, eguneroko argazkia egiteko prestatzen.
...
Fotografiatu daiteke denbora bera?