2026/08/27

Kavafis: Hiria eta Ithaka poemak

 


Kavafisek Hiria poeman Horazioren Caelum non animum mutant qui trans mare currunt bertsoaren pentsamendua darabil, "Itsasoa zeharkatzen dutenak zeruaz aldatzen dira, ez arimaz". Egiten duguna egiten dugula, noranahi goazela, beti amaituko dugu barruan daramagun hirian. Ezin gara arimaz aldatu: gure patua da.


Bigarren poeman, Ithakan, Kavafisek Odiseo, Ithakako erregea, aurkezten du bizitza osoan zehar ezagutza-bidaia egiten duen pertsonaren arketipo gisa. Haren gaitasun eta baliabideak baliatuta, gizakia helmugara iritsi, edo abiapuntura itzultzen da, atsedena hartzeko. Bidaia bera helburua edo xedea da. Jakitun bihurtutako bidaiariari, atseginez eta gozamenez, gogorarazten dizkio bidaiaren hasiera eta ibilbidea, bidaiaren aldi bakoitzari berebiziko garrantzia emanez. 

Hiria

Esan zenuen: «Beste lur batera joango naiz, beste itsaso batera joango naiz.
Beste hiri bat egon behar du, hau baino hobea.

Nire ahalegin bakoitza kondena gisa dago idatzia,
eta nire bihotza —hildako bat bezala —lurperaturik dago.

Noiz arte iraungo du nire gogoak,makaltasun honetan?

Begirada nora zuzentzen dudala ere, nora begiratzen dudala ere,
nire bizitzaren hondakin beltzak ikusten ditut hemen,
non hainbeste urte eman, alferrik galdu eta hondatu nituen.

Ez duzu leku berririk aurkituko, ezta beste itsasorik ere.

Hiriak jarraituko dizu.
Kale beretan ibiliko zara.
Eta auzo beretan zahartuko zara;
eta etxe beren artean urdinduko zaizu ilea.

Beti hiri honetara iritsiko zara. Beste leku baterako —ez espero—
ez dago zuretzat itsasontzirik, ez dago biderik.

Hemen, txoko txiki honetan,                                                                 
zure bizitza hondatu zenuen bezala,
halaxe hondatu zenuen lur guztian ere.

K. P. Kavafis

Euskal bertsioa: Josu A.


Ez dago zuretzako itsasontzirik. Ez dago biderik.

            La Habanan, (Kuba) 1993an hartutako argazkia

Ithaka

Ithakara bidean abiatzen zarenean,

eska ezazu bidea luzea izan dadila,

gertaeraz betea, ezagutzaz betea.

Lestrigoi eta ziklopeei,
Poseidon suminduari
ez iezaiezu beldur izan,

horrelakorik ez duzu zeure bidean inoiz topatuko,

zure pentsaera jasoa bada,

hunkidura fin batek zure espiritua eta gorputza ukitzen baditu.

Laistrigoiak, Ziklopeak eta Poseidon basatia

ez dituzu inoiz topatuko,

zure arimaren barruan ez badaramatzazu,

zure arimak berak zure aurrean jartzen ez baditu.

Eska ezazu bidea luzea izan dadila,

asko izan daitezela udako goizak,

zeinetan, zein atseginez, zein pozez,

ordura arte ikusi gabeko portuetan

sartuko baitzara;

geldi zaitez merkatu feniziarretan,

eta eskuratu salgai ederrak:

nakarra eta korala, anbarra eta ebanoa,

eta mota guztietako perfume atsegingarriak,

ahal bezain ugari perfume atsegingarriak;

Egiptoko hiri askotara joan zaitez

eta ikasi, ikasi adituengandik.

Izan ezazu beti Ithaka zeure gogoan.

Hara heltzea da zure helmuga.

Baina ez ezazu batere bizkortu bidaia.

Hobe da urte askoan iraun dezala

eta irlara, ordurako zahar, hel zaitezela,

bidean irabazitako guztiaz aberats,

Ithakak aberastasunak emango dizkizula espero gabe.

Ithakak bidaia ederra eman zizun.

Hura gabe ez zinen bidera aterako.

Baina ez dauka besterik zuri emateko.

Eta pobre aurkitzen baduzu ere,

Ithakak ez zaitu engainatu.

Horrela, hain jakintsu egin zarenez, hainbesteko esperientziarekin,

honezkero ulertua izango duzu

zer esan nahi duten Itakek.

K. P. Kavafis

Bertsioa: Josu A.


                 Bidaian, nork bere irla du helmugatzat.
                           
Lekeitio (Bizkaia)